XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Blefuscuko Enperadoreak emandako urrea ere erakutsi nion, baita Maiestatearen gorputz osoko irudia ere, eta herrialde hartako beste bitxikeriaren batzuk.

Bi poltsa eman nizkion, berrehun sprug-ekin bakoitza eta, Ingalaterrara iritsi ondoren, behi bat eta ernaldutako ardi bat oparituko nizkiola ere hitz eman nion.

Ez dut irakurlea gogaituko bidaia honetako gorabeherekin, oso ona izan zelarik ibilaldirik gehienean.

1702ko apirilaren 13an iritsi ginen Downsera.

Zoritxar bat bakarra izan nuen, alegia, untziko arratoiek ardi bat eraman zidatela; hezurrak aurkitu nituen zulo batean, garbi-garbi, haragi-izpirik gabe.

Gainerako ganadua onik eta osorik ekarri nuen eta Greenwich-eko bolatokiko zelaian larrean utzi, hango belarra hain goxoa zenez gogotik jan zutelarik, nahiz eta ni kontrakoaren beldur izan.

Eta ziur aski ezin izango nituzkeen onik mantendu hain bidaia luzean, kapitainak ez balit bere bizkotxorik onenaren parte bat eman, hauts bihurtu eta uraz nahastuta, haien eguneroko janaria izan zelarik.

Ingalaterran egon nintzen denboraldi laburrean, irabazi dexenteak egin nituen handiki askori eta beste batzuei ganadua erakutsiz; eta bigarren bidaiari ekin aurretik, saldu egin nituen seirehun liberatan.

Azken bidaiatik itzultzean, espeziea asko gehitu dela konturatu naiz, ardiak, batez ere; artilgintzaren mesedetarako izango dela espero dut, oso fina bait dute ilea.

Bi hilabete bakarrik eman nituen emazte eta etxekoekin, atzerriak ikusteko irrika asegaitzak ez bait zidan uzten luzaroago geratzen.

Mila eta bostehun libera utzi nizkion emazteari, eta etxe eroso batean ezarri nuen Redriffen.

Geratzen zitzaidana neurekin eraman nuen, zati bat dirutan, eta beste bat salgaietan, neure aberastasunak gehitzeko asmoz.

John, osaba zaharrenak, lursail bat utzia zidan ondaretzat, Epping inguruan, hogeitamar libera inguru ematen zituena urtean: eta nik luzarorako errentan emana nuen Zezen Beltza delakoa Fetter zeharkalean, beste hainbeste ematen zidana; ez nuen, beraz, inolako arriskurik familia parrokiaren babespean utzi behar izateko.

Johnny semea, osabarengatik deitua horrela, bigarren mailako eskolan zebilen, eta mutiko argia zen.